jueves, 5 de mayo de 2011

Dordoka edo apoarmatu arrotzak: maskota inbaditzaileak

Denek ikusiko zenituzten ur dordoka berde txikiak animalia dendetan salgai; batek baino gehiagok etxean eduki ere izan dituzue seguruaski. Hauetako asko oraindik txikiak direlarik hil egiten dira, beste zenbait ordea hazten jarraitzen dute urteak eta urteak biziz. Zoritxarrez, jendea azkenean aspertu ohi da eta intentzio onak eta ezjakintasunak bultzatuta, maskota izandako hauek hezeguneetan askatu, hau da, abandonatu egiten ditu. Horrela, egun apoarmatu arrotza munduko animalia inbaditzailerik kaltegarrienetarikoa bihurtu da.
80 eta 90.eko hamarkadetan Floridako dordoka (Trachemys scripta elegans) izenekoaren erosketa asko hedatu zen eta baita ingurune naturaletan hainbat animaliaren abandonatzea ere. Ekosistemetan eragiten dituzten kalteez ohartuta (ikusi beherago), 1997an Europar Batasunean azpi-espezie honen inportazioa debekatu zen. Neurri hau erabat urria agertu da, izan ere apoarmatu arrotzen salmentak maskota bezala gora egin baitu azken urteotan, azpi-espezie eta espezie berriak (Trachemys scripta scripta, Graptemys pseudogeographica, Pseudemys sp., etab) merkaturatu direlarik. Eraberean, kontzientziazio lanak egin eta egiten diren arren, oraindik ere jendeak beren apoarmatuak hezegune naturaletan abandonatzen jarraitzen du; ondorioz espezie ezberdinetako aleak aurki daitezke inguruan.
Trachemys scripta elegans, Bolueko hezegunean.

Apoarmatu arrotzek sortzen dituzten kalte larrienak: jatun haundiak dira, dieta zabalekoak, anfibio, ornogabe, ornodun txiki hala nola landareei eraginez; gainera, bertako apoarmatu mehatxatuei lehia zuzena egiten diete elikadura eta eguzkia hartzeko zein habia egiteko lekurik hoberenak kenduz; bestetik, arazo sanitarioak ere badaude Salmonella bezalako patogeno arriskutsuen eramaile baitira.
Hau guztia dela eta, zer egin jada gehiago ardura hartu nahi ez dugun gure apoarmatuekin? inola ere ez naturan aske utzi, baizik eta zure hurbileko basa animalien birgaitze zentrora eraman:
-Bizkaian: Gorlizko zentrora, 94 677 4852 / 94 446 52 97 (Base Gorria)
-Araban: Martiodako zentrora, 945 18 16 16 
-Gipuzkoan: “Arrano Etxea” Donostiako zentrora 943 21 05 84 / 943 00 04 20 (Basozaintza zerbitzua)