jueves, 3 de mayo de 2012

Hegaztien eraztunketa zientifikoa

Eraztunketa, hegaztiei hankan eraztun bat jartzean datza. Eraztun honetan autoen matrikularen funtzio bera duen kode bat azaltzen da igorlearen zeinua eta zenbaki batez osatua. Beraz, aldez aurretik markatutako hegazti bat harrapatu ezkero, bere eraztunean agertzen den kode hori Europa mailako datu-basean begiratu eta hegazti hori lehen aldiz (edo gehiagotan) non eta noiz markatu zen jakin dezakegu.


Eraztun metalikoa.


Eraztunketa, aldez aurretik prestakuntza sendoa egin ondoren azterketa gainditu eta karneta atera duten pertsonek bakarrik egin dezakete. Bolueko hezegunean Txepetxa eraztunketa taldeko eraztuntzaile baimenduek burutzen dituzte lanak.

Hegaztiak harrapatzeko japoniar deritzen sareak jartzen dira goizean goiz, trabatuta geratzen diren hegaztiak kontu handiz atera eta hainbat neurri hartzen zaizkie, eraztuna jartzeaz gain; ondoren aske uzten dira berriro harrapatuak izan daitezen. Horrela, dispertsio eta migrazio patroiei buruzko informazioa jasotzeaz aparte, demografia, populazioen dinamika, aleen osasuna, etab.ren inguruko azterketa baliogarriak ere egin daitezke. Bolueko hezegunean 2007an hasi ziren eraztunketa lanak, lorturiko datuak leku honen eta bertan bizi diren espezieen kontserbazio eta kudeaketarako erabiltzen direlarik.

Boluen eraztunketa jardunaldi batean harrapatutako Martin arrantzalea.

Urtean zehar ate irekietako jardunaldiak antolatzen ditugu, interesa duen inor gerturatu eta bere begiez ikusi dezan. Adi egon blog-ari, hemen iragarriko baitugu noiz izango diren.

No hay comentarios:

Publicar un comentario